Krisia eta murrizketak

Idazki honekin, Institutuko kideekin konpartitu nahi dut, aplikatuko dizkiguten murrizketen aurrean sentitzen dudan haserrea. Euren esanetan, “krisiaren irtenbidea” murrizketa hauetan datza. Badakit hau idazterakoan, sinplifikazioetan edo denok dakizkizuen gauzak esateko arriskuan  jartzen naizela, baina uste dut gure haserrea publikoki azaldu behar dugula.

Komunikabideek krisiari buruz mintzatzen direnean, zerutik etorritako zerbaitetaz ari direla ematen du (euria egiten badu, zer egingo diogu ba?).

Bestalde, “denok gara errudunak” ideiarekin bonbardatzen gaituzte, gure posibilitateak baino hobetoago bizi ginela esanez. Uste dut 500 €-ko pentsio bat edo 650€-ko soldata kobratzen duten pertsonek (asko dira) euren posibilitateez gain bizitzeko eskubidea dutela. Dena den baten bat errudun sentitzen bada, doala Haziendara eta ordain ditzala bere erruak, baina besteok utzi gaitzala baketan.

Ideia honetatik guztiz urrun, mundu mailan ematen ari den finantza-krisialdi  honen arrazoiak bi dira funtsean:

  1. Bankarien eta inbertsio-agentzien neurrigabeko diru-gosea, eta horren inguruan egin dituzten neurrigabekeriak. Krisia, Lehman Brothers hipoteka-bankuaren porrotarekin hasten da, honek saldutako zabor-hipoteken inguruan. Gainera zabor-hipoteka hauekiko aseguruak sortu zituzten (CDSak), hauek ere, mugarik gabe (kobratu ezinekoak). Urrunago joan barik, krisia azaldu zenean, espainiar bi banku haundiek (BBVA eta Santander) ez zekiten zenbat kaka zuten esku artean, zeren produktu hauek paketeetan gorderik zetozen.
  2. Espekulatzaileek, egiteko eta desegiteko aukera guztiak izan dituzte euren esku, aginte publikoek ez baitute inolako erregulazio edo kontrolik jarri haien gainean. Politika hau (politika- gabezia, hobeto esanda)  Reagan – Thatcher alditik dator, eta funtsean honetan datza: aginte finantzieroek edozer egin dezakete, eta nahiz eta mundu guztia honelako krisialdi larri batera bideratu, ez dira ezeren errudun.

Estatu espainiarra

Estatu espainiarrean egoera larriagoa da, zeren goian esandakoari, burbuila inmobiliario erraldoiarena gehitu behar zaio. Burbuila honen errudun nagusiak espekulatzaileak badira ere, ez dute erantzukizun gutxiagorik berau saihestu ez dutenek: PP eta PSOE gobernuek, biek neurri berean.

Estatu espainiarrak duen beste arazo larri bat, finantza-baliabideen gabezia da. Gabezi hau ez da egun batetik bestera gertatu, eta aipatutako gobernu biek eratutako zerga-politikaren ondorioa da: zergen beherapenak, ondarearen gaineko zergaren desagerpena, kapital-errenten ordainketa eskasa (SICAV etan kokatuta dauden estatuko dirutzarik haundienak %1 ordaintzen dute bakarrik Sinestezina). Honi, iruzur fiskala gehitu behar zaio; gobernuek behin eta berriro aipatzeaz gain, ez dute berau kontrolatzeko neurri zehatzik ezartzen. Hau nahikoa ez balitz, estatuko hainbat tokitan egindako obra erraldoiek ekarri dituzten gastu ikaragarriak gogoratu behar ditugu: aireportuak, kongresu-jauregiak,…Ez dira erabiltzen eta ez dira erabiliko.

Zorra

Estatu bat finantzatzeko era normala, hau da zergen bidezkoa, beharrizan guztiak betetzeko nahiko ez bada, orduan kanpotik datorren finantzaketari heldu behar zaio.

Zailtasunak pasatzen ari diren estatuen zorra, banku pribatuen eta inbertsio-agentzien sekulako negozioa bilakatu da. Europako Banku Zentrala (EBZ) banku publiko bat da, Europako hiritarren zergekin hornitzen baita, baina ez du banku publiko baten papera betetzen, esate baterako, Estatu Batuetako Erreserba Federalak betetzen duena. EBZak inflazioa kontrolatzen du bakarrik. Baina, hori bai, banku pribatuei izugarrizko dirutzak ematen dizkie, ekonomia suspertzeko, diotenez, kreditua martxan birjartzeko. Azkena bilioi erdikoa izan da, %1eko interesean, hiru urtera. Baina, zer egiten ari dira bankuek diru honekin? : zailtasunetan dauden estatuen zorra erosten dute %5, 6 edo 7an, inoiz pentsatuko ez zuten negozioa eginez. Lotsagabekeri hutsa. EBZak arazoetan dabiltzan estatuen zorra erosiko balu, prezio arrazonagarri baten (%1,5), politika honek espekulatzaileak uxatuko zituen, txolloa amaituko zitzaien eta.

Hau da, Europako estatuek izugarrizko dirutzak eman behar dizkie bankuei, hauek birkapitalizatzeko. Diru guzti hau, jakina, inbertsio publikoetan erabili ahal zen, horrela ongizatearen estatua mantenduz eta lanpostuak sortuz. Honek, gainera, kanpoko finantzazioari heltzera behartzen ditu, zorra gero eta haundiagoa bihurtuz, irteera guztiz zaila duen espiral beldurgarri baten kokatuz : ongizate-estatuaren suntsipena, betikoak matxakatuz.

Jakin behar da gainera, krisia hasi zenetik, ez dela internazional ez nazional mailan, egoera honetara ekarri gaituzten gehiegikeriak kontrolatzeko neurri bat ere hartu.

Egoera honetan ari dira sakrifizioak inposatzen.

Murrizketak eta sakrifizioak

PP gobernuak martxan jarritako politikak (murrizketa larriak eta inbertsio publikoa bertan behera uztea), estatuaren suizidiora garamatza dudarik gabe: enpleguaren prekarizazioa, oinarrizko zerbitzuen (hezkuntza, osasuna) kalitatearen beherapen nabaria eta langabeziaren izugarrizko igoera (5.300.000tan gabiltza). Hau gutxi balitz, Estatu Espainiarraren konpetitibitate mailak sekulako atzerakada izango du, zeren ikerketari dagokion inbertsioan ere kristoren murrizketa burutu dute.

Honek ez du esan nahi aurreko gobernua hobeagoa zenik. Rajoy egitera doana, Zapaterok hasi zuenaren jarraipena da, eta biek jarraitzen dituzte buru-belarri Europatik inposatutako politikak, laburbilduta, defizita murriztea.

Baten batek azaldu ahal digu aurreko murrizketatik (soldaten beherapena eta plantillen murrizketa) ezer onik atera den?. Baten batek bere egoera hobetzen ikusi du, bankeroek izan ezik?.

Euskadin

Baina aipatutako murrizketei, Eusko Jaurlaritzak (bat bateko erantzukizunak bultzatuta edo)  eratutakoak gehitu behar dizkiogu. Ez dezagun ahaztu, Euskal Erkidegoa, superabita duen erkidego bakarra dela. Halaber, ez genuke ahaztu behar orain urte eta erdi Eusko Jaurlaritzak gauzatutako plantilla murrizketen ondorioz, hauek %10a gutxitu zirela.

Niretzat murrizketa hauek mingarriagoak dira, zeren langileek historikoki lortutako eskubide askoren aurka doaz, eta kasu batzuetan, gaixotasun-bajarena adibidez, zekenkeriarekin bat egiten dute: komunikabideetan alfer gisa jarri gaituzte.
Erretiratzeko adinaren data 65 urtera arte atzeratzeak (ez dabiltza txikikeriekin), sektoreko langileen eskubideei eraso larri bat izateaz gain, gazte askori lanean hasteko ateak itxiko die, langabezian jarraitu beharko dutelarik.

60 urtetik gorako irakasleek zuten klase-orduen murrizketa desagertzea dela eta, gaur egun lanean dauden bitarteko funtzionario asko, lanik gabe geratuko dira. 65 urtera arte lanean, klase orduen murrizketarik ez, eta gaixotu barik. Bitartean, gazteak etxean Egoera bitxia.

Gainera, erretiro-primaren desagerpena, Itzarriko ekarpena geldiaraztea,… eta azkena,  Lantokiko Prestakuntzarako dirulaguntzak kentzea (enpresei zein ikasleei).

Neurri guzti hauek, langileen eskubideei zuzendutako eraso larri bat izateaz gain, irakaskuntza eta beste oinarrizko zerbitzu batzuen kalitate mailaren beheratze nabaria dakarte. Gizarte honen etorkizuna kolokan jartzen ari dira.

AGER DEZAGUN GURE EZETZA MURRIZKETA HAUEI

Oso argi daukat guztiz zaila dela eraso hauek geldiaraztea, are eta zailagoa sindikal panorama negargarria kontutan hartzen badugu. Baina uste dut, badagoela Institutuko langile kolektibo gisa egin dezakegun zerbait eta oraintxe: murrizketa hauekiko dugun haserrea eta aurkakotasuna publikoki azaldu. Ez badugu ezer esaten, nolabait, murrizketak eta beren ondorioak onartzen ari gara. Egiteko era, honen gisako dokumentu bat izan daiteke, behar bada laburragoa, eta guk sinatua. Dokumentu hau, Administrazioari, Sindikatuei… bidaliko genieke, eta gure ikasleei ere bai, zeren eurek ere lehen lerroko biktima bihurtuko dira. Dena den, interesatuen artean ikusiko genuke (interesaturik balego).

Zuen pazientzia eskertuz, agurtzen zaituztet.

Acerca de kokotaraino2

Kokotaraino gaude

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s